Kongo - Gatazkarik Gabeko Teknologia - Alboan

Zer gertatzen da Kongon?

Kongoko Errepublika Demokratikoa, batez ere herrialdearen ekialdea, munduko meatzaritza-gune garrantzitsuenetako bat da. Han dago koltanaren munduko erreserben % 80; mineral hori gabe, ezinezkoa izango zen teknologia berrien iraultza, bereziki teknologia mugikorrarena.

Ba al dakizu zure sakelako telefonoak lotura duela indarkeria horrekin guztiarekin?

Kongon mugikorrak, tabletak eta horrelako tresnak fabrikatzeko behar diren mineral ugari daude, eta bertako alde armatuek mineral horiek legez kanpo salduta lortzen dute gerrarekin aurrera jarraitzeko dirua; diru hori gabe, oso zaila izango litzateke haientzat gerran jarraitzea.

Koltanaz gain, aipagarriak dira, batez ere, funtsezko zereginak betetzen dituzten beste hiru mineral: urrea, wolframioa eta eztainua. Mineral horiek urriak eta garestiak dira, eta ‘gatazka-iturri diren mineralak’ edo, are gordinago, ‘odolezko mineralak’ deitzen zaie.

“Odolez zikindutako” mineral horiek iristen dira gure eskuetara gure mugikorretan ezkutatuta. Horretaz oso jakitun izan gabe ere, meatzeetan hainbeste jende esplotatzen jarraitzea eta gatazketan esku hartzen duten talde armatuei eustea finantzatzen laguntzen dugu.

Haien erauzketa, prozesamendua eta salmenta talde armatuek kontrolatzen dute, eta infernurik okerrena bilakatu dute Kongo. Izan ere, bost milioi lagun baino gehiago hil dira 1998tik; 2013an bakarrik, milioi bat lagun lekualdatu dira; eta, urtean, ehun mila emakume baino gehiago bortxatzen dituzte.

Zergatik emakumeak?

Kongoko gerra infernu bihurtu da, bereziki emakumeentzat. 100.000 emakumek baino gehiagok sexu-indarkeria jasaten dute urtero. Hori dela eta, Kongo da EMAKUME JAIOTZEKO MUNDUKO LEKURIK OKERRENA..

“Bizi duen garapena munduko beste lurralde batzuen zorigaiztoan eta pairatzen duten harrapaketan oinarritu izana zilegi ote den galdetu beharko lioke Europak ere buruari”. – Caddy Adzuba

Abokatua, kazetaria eta Emakumeen eta Haurren Eskubideen eta Prentsa Askatasunaren aldeko ekintzailea da Caddy Adzuba. Elkartasunaren Asturiasko Printze Saria jaso zuen 2014an. Kongoko Errepublika Demokratikoa 1996tik gure egunotara arte, noizbehinkako su-etenaldi batzuk gora-behera, erraustu duen gatazka armatuaren lehen mailako lekukoa dugu emakume kongotar hau.

  • 5 milioi pertsona hil dira 1998. urtetik.
  • Bigarren Mundu Gerratik izan den gatazkarik bortitzena da
  • Koltanaren ekoizle nagusia da

Koltana teknologia mugikorraren oinarrizko minerala da.

1.000.000 lekualdatutako pertsonak 2013tik

100.000 emakume bortxatuak urtero

“Lekualdatu Emakumeak ” bideoa

Kongoko ekialdeko gatazkan, emakumeak dira lehenengo biktimak. Sakon errotutako ohiturak direla eta, emakumeek beren gain hartzen dituzte familiako karga eta ardura guztiak, eta, horrez gainera, gatazkak giroa erabat gaiztotu duenez, era guztietako indarkeria jasateko arriskuan daude:

GENERO-INDARKERIA ETA SEXU-ESPLOTAZIOA

mujer bebe2Emakumeek etengabe bortxaketak eta gehiegikeriak jasaten dituzte gatazkan parte hartzen duten talde armatuen aldetik edo lekualdatutako jendearentzako eremuetako gizonen aldetik. Askotan, trauma psikologikoak ez ezik, gaixotasun larriak hartzen dituzte, hala nola hiesa. Emakume horietako askok, eremu horietan baliabiderik ez dagoenez, prostituzioan jardun behar izaten dute egoera larri horri aurre egiteko. Hori guztia nahikoa ez dela, gizarteak laidoztatu eta baztertu egiten ditu.

LAN-ESPLOTAZIOA

Lekualdatuentzako eremuetan bizitzeko bitartekorik ez izateak eta familia-kargek bultzatuta, emakumeek zamaketari-lanetan aritu behar izaten dute meategietan. Inongo lan-segurtasunik gabe, erdiesklabotza-egoeran egiten dute lan.

HEZKUNTZA BASTERKETA

Lekualdaketaren ondorioz, asko dira inoiz eskolara joaterik izan ez duten neskak. Ikasketarik eta soldatarik gabe, beste emakume batzuen haurrak zaintzeaz eta etxeko lanez arduratu behar izaten dute.

Zer egiten dugu ALBOANen Kongoko ekialdeko emakumeei laguntzeko?

Kongo anabasatik eta pobreziatik atera nahi duen proiektu ororen ardatz emakumeek eta haien beharrek izan behar dute.

ALBOAN, EAEko eta Nafarroako Jesuiten GKEa, Kongoko ekialdean lanean ari da, emakumeak ahalduntzen eta “Laku handietako errefuxiatuentzako Jesuiten Zerbitzuak” (JRS) egiten duen lanari laguntzen. Lekualdatutako pertsonentzako eremuetan, ekintza hauek sustatzen ditu:

  • Indarkeria jasan duten nerabeei eta emakumeei laguntza psikosoziala ematea.
  • Alfabetatze-ikastaroak, lanbide-heziketakoak (jantzigintza, saskigintza, zurgintza eta ile-apainketa) eta dagozkien eskubideen alorrean sentsibilizatzeari buruzkoak.
  • Bigarren mailako hezkuntza amaitzen duten nerabeentzako trebakuntza, hezkuntza-sarean irakasle izan daitezen.

Synergies de Femmes (Synergie) erakundearekin ere lan egiten dugu; sexuindarkeria jasan duten emakumeei laguntzea sustatzen du erakunde horrek, ekintza hauen bidez:

  • Harrera-etxeak sortzea. Etxe horietan, arreta medikoa, laguntza psikosoziala, talde-terapia, aldi baterako aterpea eta autonomia ekonomikoa emango dien lanbide bat ikasteko aukera aurkitzen dituzte emakumeek.
  • Erabakiak hartzeko prozesuetan aktiboki parte hartzeko aukera emango dieten gaitasunetan trebatzea emakumeak, beren beharrak eta interesak eta dagozkien komunitateenak defendatzeko haien lidergoa indartuz.

…Zer egin dezakezu zuk?…

Kongoko ekialdeko gatazkagatik lekualdatutako emakumeei lagundu diezaiekezu, ALBOANek eskualde horretan dituen proiektuak diruz lagunduz. Zure ekarpena aukera-iturri izan daiteke. Adibidez:

  •  10 eurorekin hiru emakumeren alfabetizazio-eskolak eta poltsak egiteko tailerrerako materialak ordaintzen ditugu.
  • 30 eurorekin emakume baten lider izateko trebakuntzako egun bat ordaindu daiteke; trebakuntza horrekin, emakume hori gai izango da bere eskubideak eta bere komunitatearenak ezagutzeko eta defendatzeko, bai eta beste emakume batzuk trebatzeko ere.
  • 60 eurorekin sexu-indarkeria jasan duen emakume baten tratamendu medikoa ordaindu daiteke.
  • 2.000 eurorekinsexu-indarkeria jasan duten emakumeentzako harrera-etxe baterako ekipamendua eros daiteke.

Kongoko Errepublika Demokratikoaren ekialdeko gatazkagatik kaltetuak izan diren emakumeei arreta ematen lagundu nahi dutenentzat, ALBOANek zenbait modu jarri ditu aukeran: