Nazio Batuen Biltzarraren ekimenez, 1972. urtetik hona, Ingurumenaren Nazioarteko Eguna ospatu ohi da ekainaren 5ean. Une hori egokia izan daiteke, ekologiaren inguruan, gure bizimoduei buruzko hausnarketa egin dezagun, hau da, kontuan hartzeko gure bizierak zer-nolako eragina duen ingurune naturalean, giza garapenaren sustapenean, klima-aldaketan, eta, halaber, aztertzeko zer egin dezakegun etorkizuneko belaunaldiak arriskuan ez jartzeko. Dena den, eztabaida gutxitu ez dadin, erakunde sustatzaileak urtero eslogan bat aukeratzen du erreferentzia gisa hartzeko, eta aurtengoa hauxe izan da: “Jendea naturarekin konektatuz, hirian eta landan, poloetatik ekuatoreraino”.
Asmo onak izateaz gain, aukeratutako goiburuaren egokitasunak zenbait zalantza sortzen dizkit, “konektatu” adierazpena erabiltzeagatik. Ez ote gaude nahiko konektaturik 2017. urte honetan? Gaur egun, zuzenean ere ikus dezakegu poloen urtzea. Etxetik irten gabe, azken lehortearen eragin suntsitzaileen berri izan dezakegu, bai eta Amazoniako urrutiko lurraldeak astintzen dituzten ingurumen-gatazken berri ere, ongi zuzendutako klik bikoitza eginez soilik. Halaber, badaude ingurumen-degradazioaren ondorioei buruzko liburuak, webgune espezializatuak, eta informazio-piloa, eta eskuragarri ditugu guztiak. Areago, hondamendi klimatikoan izandako banakako ekarpena balioztatu dezakegu, gure karbono-aztarna kalkulatuz.
Beraz, uste dut arazoa ez dela konektatzea, elkartzea baizik. Azken finean, konektatzea bi punturen arteko lerroa egitea da, bi gauza edo bi pertsona komunikazioan jartzea, batzuk besteekin. Baina horrek ez dakar berekin zentzu partekaturik sortzea. Sare sozialek eta komunikazioen globalizazioak ingurumen-suntsipenaz edo klima-aldaketak eragiten dituen erronkez jabetzea erraztu badigute ere, horrek ez du esan nahi, ezagutza horren aurrean, planeta osoan modu berean erreakzionatuko dugunik. Argi ere ez dago erronka horiei gizateriaren erantzun partekatua koordinatu ahal izatea.
Hori lortzeko bidean, gure ingurune hurbilean behinik behin, beharrezkoa dugu zerk elkartzen gaituen aztertzea. Eta hor, ia beti bezala, emozio bat hartu behar da abiapuntutzat. Jorge Luis Borges idazleak hauxe esaten zuen bere jaioterria zen Buenos Aires hiriari buruz: “ez gaitu maitasunak elkartzen, izuak baizik”. Beharbada, arazo berbera gertatzen zaigu ingurumenaren aurrean. Orain arte, komunitate zientifikoari dagokionez, ekosistemen kolapsoaren beldurra izan da hausnarketaren eragilea. Beldur horiei, ebidentzia enpirikoaren ondorioz sortutakoei, gehitu behar zaizkie beste batzuk, irrazionalagoak direnak, hala nola, gure gizartean dagoen errefuxiatuenganako beldurra, ordezkarien epelkeria orokortuaz ere adierazitakoa. Askotan ez dugu kontuan hartzen ihes egiten dutenek ihes egiten dutela klima-aldaketaren ondorioengatik eta natura baliabideen kontrola edukitzearren sortutako gatazkengatik.
Agian, bi beldurrek (ezberdina denaren beldurrak eta espezie gisa desagertzearenak) sustrai antropologikoa dute, baina ziur gure eskuan daukagula biak gidatzen jakitea.
Koldarrak izan gaitezke, eta horrela jokatu ere bai, hau da, ez ikusiarena egin gure sistema ekonomikoen jasangarritasun eza, gure kontsumoaren ingurumen-eraginari garrantzia kendu eta mugak itxi asiloa eskatzen dutenei, “gu, lehenago” oihupean. Badirudi horixe dela Donal Trump presidenteak hartu duen bidea, Estatu Batuak Parisen klima-aldaketaren aurka borrokatzeko hartu zen Akordiotik ateratzean, eta herritarrei arazoen konponbide harresituak agintzean. Aukera bakuna eta, aldi berean, arduragabea, baina, zorionez, ez da bakarra. Ausardiaz ere jokatu ahal da, eta, horrela, energia berriztatzaileetarako trantsizioa sustatu, enpresei horniketa kateetan giza eskubideak errespetatzea eskatu, klima-aldaketaren eraginez kaltetuen daudenen tokian ipini (klima-aldaketak berak egin baino lehen). Bigarren aukera hori hartzeak berekin dakar, ezinbestean, gure elkarbizitzaren muga ekologiko eta sozialei buruzko eztabaida publikoa zabaltzea. Eta, hori lortzeko modu bakarra XXI. mendeak planteatzen dizkigun erronkei aurre egitea da, itxaropena galdu gabe. Hau da, arduraz eta errespetuz jokatu hurkoarekin eta naturako ondareekin.
Mota honetako hausnarketak bultzatu nahi izan ditugu ALBOAN fundaziotik egun berezi horretan. Urteko beste egunetan ideia horiek praktikan jarri nahi ditugu gure kanpainen bidez. Hospitalitatea, Kulturartekotasuna, Gatazkarik gabeko Teknologia, giza eskubideak eta ingurumen-justizia dira gure ekintzaren bidez bultzatu nahi ditugun gune batzuk. Parte hartu nahi baduzu, gure webgunean (www.alboan.org) aurkituko duzu nola egin.
Guillermo Otano Jiménez
Ikasketak eta Prestakuntza Proposamena
ALBOAN Fundazioa
Artikulu hau El Correo egunkarian argitaratu zen 2017-06-3an, “Gobernar los miedos y el Gobierno de Trump” izenburuaz