Honduraseko baliabide naturalak ustiatzeko eredu erauztatzailea lurralde-gatazka eta giza eskubideen eta ingurugiro eskubideen defendatzaileak jazartzearen errudun nagusia da. 2014an Carlos Mejía Radio Progreso-ERIC erakundeko kidea eta iaz Bertha Cáceres buruzagi indigena erail zituzten, besteak beste.
Duela 25 urte multinazional handiak eta oligarkiaren arteko itunak hasi ziren, ibaiak, basoak, mineralak eta, orohar, baliabide naturalak euren eskura ikusita, legedia euren alde zutela, eta herri-erakundeak eta alderdi politikoen oniritziaz. Giza eta gizarte kalteak aintzat hartu gabe, natur baliabideak mugagabe ustiatzetik ahalik eta etekin handienak atera nahi zituzten.
Egoera honi aurre egiteko Escuela de Formación Política Ciudadana (EFPC) izenekoa sortu zen. Latinoamerikan kokaturiko proposamena da, gazteei zuzendua, eta Hondurasen ERIC eta Radio Progreso, Jesusen Lagundiaren obrek sustatzen dute. Pentsamendu kritikotik abiatuta, gizarte mugimendu eta erakundeak indartu eta komunitateetan aintzindaritza berriak sortzea du helburu.
EFPC eskolan parte hartzen duten hainbat talde eta pertsona gatazka testuingurutik etortzen dira. Eskolari esker, problematika horiei aurre egiteko tresnak eskuratzen dituzte. Emakumeen rola ere kontutan hartzen da. Azken finean, emakumeak ura, natura eta familiarekin harreman zuzenean daude eta eredu erauztatzaile horren kaltetu nagusiak dira.
Apirilean Honduraseko ordezkaritza guregana etorri zen: ERIC-Radio Progreso erakundeko José Mario López eta Sonia Paz, eta eskolako Nancy Orellana, Olga Hernández eta Eunice Ramírez. Meatzagietako proiektuen berri eman ziguten eta zer nolako eragina duten proiektu horiek bortizkeria egoeran.