Klimaren aldeko ekintzak ezin du itxaron

Xavier Sareak eta Afrika eta Madagaskarreko Jesuiten Batzarrak dei egin diete Europako eta Afrikako buruzagi politikoei.

Nazio Batuen Klimari buruzko 26. Goi Bilera, COP26, Glasgowen egitekoa zen iaz, azaroaren 9tik 19ra bitartean. Hala ere, 2021eko azarora atzeratu dute bilera, COVID-19ak eragindako pandemia dela eta. Atzerapenak atzerapen, ez dago zalantzarik mugarri erabakigarria izango dela gure planetaren etorkizunerako. Klima-aldaketaren aurkako borrokan hamarkada garrantzitsua da honako hau, eta, inoiz baino gehiago, munduak irmo erantzutea behar du, Parisko Hitzarmenean emisioak murrizteko ezarri ziren helburuak lortzeko moduan, eta alde batera utzi gabe herrialde txiroen aurrerapen sozial eta ekonomikoa; izan ere, haiek dira klimaren krisiaren ondorioz kalte handiena jaso dezaketenak eta berotze globalari ekarpen txikiena egiten dietenak.

Horregatik, joan den azaroaren 9an, Xavier Sareak, zeinak nazioarteko lankidetza-erakundeak eta misio jesuitak hartzen dituen barnean, eta Afrika eta Madagaskarreko Jesuiten Batzarrak gutun bat bidali zieten hainbat buruzagi politikori: Boris Johnson, Erresuma Batuko presidentea (COP26a antolatuko duen herrialdea); Angela Merkel kantzilerra, Europar Batasuneko Kontseiluaren presidentea; Ursula von der Leyen, Europako Batzordearen presidentea; eta Cyril Ramaphosa, Afrikar Batasunaren presidentea. Bidalitako gutuna Frank Jakin jesuitak, Xavier Sareko presidenteak, eta Agbonkhianmeghe E. Orobator jesuitak, Afrika eta Madagaskarreko Jesuiten Batzarreko presidenteak, sinatu zuten. Haren bidez, klima-aldaketaren eta Afrikako pobreziaren kontrako borrokari buruzko hainbat puntu nabarmendu zituzten.

Itxaron ezin duten erronkak

Egungo krisiak, koronabirusaren aurkako borrokaren erronkek eta COP26 gailurraren ezinbesteko atzerapenek ezin dute gure arreta krisi klimatikotik aldendu. Jesuiten arabera, klimaren krisiari eman beharreko erantzuna ezin da atzeratu. Etorkizun ziurgabearen aurrean, kontuan hartu beharreko zenbait puntu azpimarratu nahi izan dituzte:

  1. COVID-19a arazo oso larria izan arren, klima-aldaketa aurrera doa eta ez da txikitzen ari. Gure garaiko krisi ugariei aurre egiteko, aldaketa sozial eta ekologikoa behar dugu. Ez da nahikoa koronabirusaren kontrako borrokan milioika dolar eta euro gastatzea: klima-aldaketari begira, arazoa arintzeko eta hari egokitzeko moduan gastatu behar dugu diru hori.
  2. Afrikak gehiago (beharbada gehien) sufritzen du COVID-19aren arazoa, lehendik zekartzan zorrek eta pobreziak pandemia larriagotu dutelako. Hortaz, kontinenterako bortitzagoak dira klima-aldaketaren eraginak eta kutsaduraren eta baliabide naturalen gehiegizko erabileraren ondoriozko beste izurrite batzuk.
  3. Europak, historiako kutsatzaile handienetako batek, Parisko Hitzarmenean eta 1992an Rion hartutako konpromisoak bete behar ditu. Dela zuzenean, diru- eta teknologia-inbertsioak edo transferentziak eginez, dela zeharka, Afrikari arriskuak kudeatzeko sistemak hobetzeko eta legez kanpoko finantza-fluxuen kontra borrokatzeko laguntza emanez.
  4. Denbora agortzen ari zaigu, eta nazio-mailan aurreikusitako eta erabakitako ekarpenak (INDC, ingelesez) ez dira 1990eko datuei begira formulatu behar, baizik eta 1,5/2 graduko muga zeharkatu aurretik geratzen den CO2 globalaren aurrekontua kontuan harturik.
  5. Europako eta Afrikako interesen arteko sinergiak bilatu daitezke. Adibidez, klima-aldaketari aurre egiteko, eraginkorragoa da Afrikari erregai fosilen industria gainditzeko laguntza ematea, “amarrutan” industria zikinak herrialde pobreetara esportatzea baino, kutsaduraren arazoa beste norabait eramanez Europako estatistikak txukundu nahian.
  6. Hortaz, Nazio Batuek babestutako COP goi-bileraren prozesuko arazoak kontuan harturik, Europar Batasunaren eta Afrikaren arteko lankidetza hobetua bizkortzearen alde egiten dute jesuitek.

Artikuluan aipatutako gutunak linean eskuratu daitezke: http://bit.ly/KlimaGutunak

Argazki-oina: Xavier Sareak ingurumenarekiko konpromisoa ager dezatela eskatu die buruzagi politikoei. Argazkia: John Englart.