Ondasun komuna, erantzukizun partekatua?

Ondasun komuna, erantzukizun partekatua?

BISIE

Bisie Kongoko Errepublika Demokratikoaren iparraldeko Kivu probintziako Walikale eskualdean dagoen eztainumeatze bat da.

Kongoko 4 erakundek berriki argitaratutako txosten baten arabera, hemendik 12 urtera Afrikako eztainu-meatze garrantzitsuena izango da Bisie.

Bisie menditik ateratzen den eztainua munduko kontzentratuenetakoa da: 100 tona hondeatuta, 3,25 tona eztainu ateratzen dira (ohikoena 0,7 tona ateratzea da), eta munduko prezio/kalitate erlazio onenetarikoa dauka.

Alabaina, Bisie inguruan bizi diren pertsonen bizi- eta segurtasun-baldintzak gero eta okerragoak dira. Segurtasunik eza eta eskubideen urraketak etengabeak dira. Eta, hori gutxi balitz bezala, artisau-meatzarien, tokiko komunitateen eta orain arte lurraldean esku hartu duten bi enpresa taldeen arteko gatazka bizi-bizia da.

Ohikoa denez, Estatuak ez du ezer egiten, “nazioarteko komunitatea” isilik geratu da eta ageriko interes geopolitiko eta estrategikoak daude gai honen inguruan, eztainua baliabide estrategikoa baita industria askotarako. Horrek guztiak egoera larriagotu egiten du.

Bisieren sasoi gorena 2002an hasi zen, artisau-meatzarien eskutik. Meatzea hazten zihoan heinean, aberastasun geologiko handia zuela ikusi zen, eta enpresa talde bat bertan finkatzen hasi zen; hark erosten zuen eztainuaren artisau-ekoizpen ia osoa, eta prospekzioa egiteko eskubideak eta baimenak lortu zituen pixkanaka.

Halako egoeretarako legeria espezifikoa badago ere, hasiera-hasieratik arazoak sortu ziren tokiko komunitateen, artisau-meatzarien eta enpresa talde horren artean.

Hain zuzen, 2006an egin zen lehen kontsulta-prozesuan, proiektua ez zen tokiko hizkuntzara itzuli ere egin, eta ez zen herritarren galderak eta kezkak helarazteko mekanismorik ezarri. Horrek deskonexio handia sorrarazi zuen enpresak kontsultatutako pertsonen eta tokiko baseen artean.

2016an beste enpresa talde batek eskuratu zuen proiektua, eta tokiko herritarren itxaropenak hobetu egin ziren.

Alabaina, arazo berberak daude oraindik ere.

Kontsultatutako txostenaren arabera, hauek dira egungo egoera gainditzeko funtsezko hiru alderdiak:

  1. tokiko herritarren ordezkaritza
  2. proiektuaren xehetasunak ulertzeko laguntza teknikoa, eta
  3. elkarrizketa, eskualdearen etorkizunari buruzko ikuspegi partekatua izateko.

Bisie proiektu handia da oso, eta hainbat eragilek partekatzen dute horren gaineko erantzukizuna. Eragile horien artean daude, besteak bete, nazioarteko komunitatea, industriak eta kontsumitzaile multzoak.

Argi dago Bisieren gaineko erantzukizuna Kongoko Estatuari, proiektuaren esleipenduna den enpresari eta tokiko komunitate nahiz agintariei dagokiela nagusiki.

Ez diezagutela iruzurrik egin, ordea: Ipar Kivu ingurune ezegonkorra da oso, eta, hortaz, badakigu halako proiektu bat ezin dela modu baketsuan gauzatu babesik, laguntzarik eta kanpoko kontrolik gabe. Horretan datza, hain zuzen, ondasun komunen erantzukizun partekatua, eta ALBOANek irmoki sinesten du lan egiteko modu horretan.

Dena den, aipatutako azterketan parte hartzen duten Kongoko lau erakundek itxaropen pixka bat ematen digute: proiektuari beren ahotsa ematen ari dira, erakutsiz tokiko gizarte zibilak zeregin erabakigarria daukala eztainuzko erraldoi horri aurre egiteko prozesuan, betiere bake-giroan.

Alicia Aleman Arrastio

2017ko maiatzaren 31