Ohiko Galderen Atala - Gatazkarik Gabeko Teknologia - Alboan

Gaia: Gatazkaren eta meatzaritzaren arteko loturari buruz

  1. Zer dira “gatazka mineralak” edo “odolez zikindutako mineralak”?
  2. Mineral horien erauztea al da gatazkaren arrazoia?
  3. Nola ziurtatzen da meatze bat? Zertan desberdintzen dira ziurtatutako meatzeak eta ziurtatu gabeko meatzeak?
  4. Jatorrian egiten den mineralen ziurtatzea, badabil? Zer aurrerapen egin dira? Zer geratzen da egiteko??
  5. Gatazka-mineralak Afrikan bakarrik daude?

Gaia: Teknologiaren kontsumoa eta kontsumitzailearen ardura

  1. Zer gailu elektronikok erabiltzen dituzte mineral horiek fabrikatzean?
  2. Zer da hornidura-katea?
  3. Ba al dago “% 100ean gatazkarik gabeko” produktu elektronikoak ziurtatzen dizkidan ziurtagiririk?
  4. Nola jakin dezaket enpresa bat arduraz jokatzen ari bada “gatazka-mineralen” arloan?
  5. “Gatazka-mineralik gabeko telefono mugikor bat fabrika daiteke?
  6. Zer produktu (mugikorra, ordenagailua eta abar) erosiko dut?
  7. Nora eraman dezaket birziklatzera nire telefonoa/ordenagailua/tableta?
  8. Nola lor dezaket zure kutxetako bat mugikorrak birziklatzeko?

Gaia: Gatazka-mineralen legediak

  1. Zergatik erregulatu behar da merkataritza orokorra?
  2. Nola arau daiteke “gatazka-mineralen” merkataritza?
  3. Europako legea nahikoa izango da Kongoko EDko ekialdeko zorigaitz humanitarioarekin amaitzeko?

Zer dira “gatazka mineralak” edo “odolez zikindutako mineralak”?

Zentzu zabalenean horrela esaten zaie gatazka-testuinguru batean erauzten edo komertzializatzen diren mineral guztiei, eta erauzketa hori, giza eskubidea urratzearekin edo gerra-krimentzat har daitezkeen bortxaketekin lotuta egon daiteke.

Hala ere, nazioarteko erregulazioen kasuan, “gatazka mineralen” definizioa lau mineralekin bakarrik erabiltzen da: eztainuarekin, tungstenorekin (wolframetik ateratzen da) tantalioarekin (koltanetik ateratzen da) eta urrearekin.  3TG gisa ezagutzen zaie, ingelesezko siglengatik (tin, tungsten, tantalum, gold), eta beraien legez kontrako erauzketa eta komertzializazioa talde armatuen finantzazioarekin edota hilketa antolatuarekin lotuta egon da, besteak beste Kongoko Errepublika Demokratikoaren ekialdean edo Kolonbiako zenbait eremutan.

Gure gailu elektronikoetan dauden beste mineral, metal eta lur arraro batzuk ere badaude, eta erauzten diren tokietan arazotsuak dira ere bai. Hori dela eta, gure ustez, nazioarteko erregulazioek giza eskubideak urratzearekin lotuta dauden jatorri mineraleko lehengai guztiak “gatazka mineralen” definizioan sartuko beharko lituzkete nazioarteko erregulazioek.


Mineral horien erauztea al da gatazkaren arrazoia?

Ez nahitaez. Egia da baliabide naturalak gatazka armatuekin lotzen dituzten zantzuak daudela. Esaterako, Nazio Batuen Ingurumen Programaren txosten baten arabera, 90ko hamarkadatik, gutxienez indarkeriazko 18 gatazka gertatu dira natura-baliabideak erauztean (diamanteak, petrolioa, urrea, zura, mineralak); eta azken hirurogei urteetako estatu barruko gatazken % 40 inguru baliabide horiek kontrolatzeko tirabirekin lot daitezke.

Hala ere, gatazka denboran luzatzea eragiten duten beste faktore batzuk daude, esaterako: erakundeen ahultasuna, ustelkeria politikoa, muturreko pobrezia, duela gutxi gertatutako gerren oroipena, desoreka etniko eta erlijiosoak, atzerriko esku-sartzeak eta abar. Horrez gain, gatazken jatorria oro har politikoa da, eta beraz, ez du ezertarako balio arazo horiek testuinguruan sartu gabe aritzea, bakea lortzen laguntzen duen irtenbide politiko bat bilatzeko.

Kongoko Errepublika Demokratikoko ekialdearen kasua larrienetako bat da, gizarte- eta ekonomia-eragile hauez gain, mineralen ustiapena eta kontrabandoa finantzazio-iturri garrantzitsuak direlako talde armatuentzat. Horrek, eremuaren baketzea eta giza eskubideen urratzeak amaitzea zailtzen du.

Nola ziurtatzen da meatze bat? Zertan desberdintzen dira ziurtatutako meatzeak eta ziurtatu gabeko meatzeak?

Une honetan meatzeak ziurtatzen dituen erakundea Aintzira Handien Eskualdeko Nazioarteko Konferentzia (ICGLR, ingelesezko siglak) da. Meatzeak Ikuskatzeko eta Ziurtatzeko dibisioak legezko zirkuitura sartzen diren mineralak gatazkarik gabeko meatzeetatik datozela eta gutxieneko gizarte-estandar batzuk betetzen dituztela (esaterako, haurren esplotaziorik ez egotea) egiaztatzen du.  ICGLRren ziurtatzearen bidez, gobernuko meatze-ikuskatzaile bat ziurtatutako meatzeetara urtean behin joatea bermatzen da. Ikuskapen horiek urtean egiten den auditoretzat independente batekin erkatzen dira. Meatzearen egoeraren arabera, hiru koloreren arabera sailkatzen dira:

  1. Bandera berdea: Meatzeak estandar guztiak betetzen ditu (esaterako, ez dago armadarik ez eta haur esplotaziorik ere), beraz, legez esportatzeko mineralak ekoitzi ditzake.
  2. Bandera horia: irizpide garrantzitsu bat edo gehiago urratzen dira; meatze-operadoreak sei hilabete ditu egoera konpontzeko. Meatzeak konpromiso horrekin ekoiztu ditzake mineralak esportatzeko.
  3. Bandera gorria: irizpide batean edo gehiagotan urratze larriak daudenez meatzeak debekatuta dauka sei hiletan gutxienez mineralak ekoiztea, hurrengo ikuskapenak urratzeak konpondu dituela egiaztatu arte.

Informazio gehiago hemen. Ziurtatzearen eta aurrerapenen arazoei buruzko informazio gehiagorako begiratu 4. galdera.

Jatorrian egiten den mineralen ziurtatzea, badabil? Zer aurrerapen egin dira? Zer geratzen da egiteko?

Gatazka-eremuetatik datozen mineralen hornidura arduratsua sustatzen duten nazioarteko legediek meatzeak ziurtatzeko eta jatorrian etiketatzeko sistemak sortzea sustatu dute. Trazabilitate sistema horien helburua mineralak meatze “berde” batetik etortzen direla ziurtatzea da, hots, oinarrizko giza eskubideak urratzen ez dituen meatze batetik.

Lehen ziurtatzeak 2014. urtean egiten hasi ziren. Hortik aurrera, kontuan hartu behar diren kritika ugari sortu dira. Sortu ziren lehen meatze-kooperatibak eliteek kontrolatzen dituzte, eta ez dute demokratikoki jokatzen. Meatzeek ez dute botererik prezioak negoziatzeko orduan, eta gardentasun falta kezkagarria da.

Erronka handiei aurre egin behar izan bazaie ere, aurrerapen esanguratsu batzuk egin dira. Nazio Batuen arabera, 2010. urtean Kongoko Errepublika Demokratikoko ekialdeko meatze guztiak talde armatuen kontrolpean zeuden. 2015. urtean, IPIS Research erakundeak bisitatutako 1.615 meatzeen % 44, desmilitarizatu ziren.

Aurrerapen hauetan sakontzeko, GKEok uste dugu ezinbestekoa dela nazioarteko legedien osagarriak diren beste neurri batzuk aplikatzea: ikusi 16. galdera.

Gatazka-mineralak Afrikan bakarrik daude?

Ez nahitaez. Esaterako, koltana minerala Australian edo Kanadan ere aurki daiteke, eta haren ustiapena ez da lotu talde armatuen finantzazioarekin edo krimen antolatuarekin.  Eta giza eskubideen urratzeekin dagoen harreman hori da hain zuzen ezinbesteko baldintza mineral bat “gatazka mineraltzat” hartzeko. Gaur egun, munduko zenbait latitudetan gatazka-mineralak daudela egiaztatu da. Hala ere, arazoa nazioarteko arautegien eta herrialde bakoitzaren interesen arabera aitortzen da.

Esaterako, AEBk lau mineraletara mugatu du gatazka-mineralei buruzko legedia (eztainua, tungstenoa, tantalioa eta urrea), betiere Aintzira Handien afrikar eskualdetik badatoz, izan ere, han dago gatazkarik bistakoena. Baina beste eremu batzuetan ere badaude gatazka-mineralak, hala nola Latinoamerikan edo Asian.

Zentzu horretan, 2017. urtean onartu den eta 2021. urtean indarrean sartuko den Europako legedia handinahiagoa da bere hedadura geografikoan. Gatazka-eremuen zerrenda bat barne hartzea aurreikusita du (CAHRA zerrenda: Conflict Affected High Risk Areas ). Oraindik ez du zehaztu zer eskualde egongo diren, baina ziur asko, Latinoamerikako eta Asiako zenbait eremu barne hartuko dira; Aintzira Handien afrikar eskualdeaz gain.

Zer gailu elektronikok erabiltzen dituzte mineral horiek fabrikatzean?

Azken belaunaldiko ia gailu elektroniko guztiek tantalioz, wolframez, eztainuz eta urrez egindako osagairen bat dute, jatorri mineraleko beste hainbat lehengaiez gain. Kontsumoko objektuei buruz ari gara, hala nola telefono mugikorrez, ordenagailuez, tabletez, bonbillez eta bitxiez. Baina baita osagai elektroniko gehienez ere (txipak, kondentsadoreak, bateriak eta abar). Horiek, gero eta modu konplexuagoan eta azkarragoan teknifikatzen ari diren puntako sektoreetan erabiltzen dira, hala nola mikroelektronikan, telekomunikazioetan, robotika kirurgikoa eta industria aeroespaziala.

Zer da hornidura-katea?

“Hornidura-kateak” produktu baten fabrikazio-prozesuan, lehengaia erauzten denetik manufaktura eta azken akaberaraino, parte hartzen duten eragileen (eta dagozkien jardueren) multzoari egiten dio erreferentzia.  Ekonomia globalizatu batean industria askok zenbait kontinentetatik zabaltzen diren hornidura-kateak behar dituzte, ehunekin, elikagaiekin edo industria elektronikoekin gertatzen den moduan.

Azken kasu horretan, Gatazkarik gabeko teknologia kanpainan kontuan hartzen duguna dena, industria elektronikoek erabiltzen dituzten lehengai estrategikoek jatorri minerala dute. Hori dela eta, industria horien hornidura-kateek erauzketan, garraioan, komertzializazioan, galdaketan edota mineralen fintzean parte hartzen duten, osagai elektronikoak fabrikatu eta  mihiztatzen dituzten eta fabrikatutako produktuak komertzializatzen dituzten eragileak barne hartzen dituzte.

Infografia honetan ikusten denez, lehen segmentuan jarduten duten enpresei, meatzetik findegiraino, “upstream” (edo ibaian gora) esaten zaie; findegitik azken kontsumitzaileraino doazenei, berriz, “downstream (edo ibaian behera) esaten zaie.

Ba al dago “% 100ean gatazkarik gabeko” produktu elektronikoak ziurtatzen dizkidan ziurtagiririk?

Ez. Oraingoz ez dago gailu elektronikoek gatazka-eremuetatik etorritako mineralik ez dutela % 100ean bermatzen duen inolako ziurtagiririk. Izan ere, hori zehaztea oso zaila da, hornidura-kateen konplexutasunarengatik eta teknologia-enpresek “gatazka-mineralen” salerosketarekin arduraz jokatzeko duten pizgarri faltarengatik. Gero eta legedi gehiago dago jarduera arduratsu horiek hainbat industria-sektoretan sustatzeko.

Mineralen salerosketen kasuan, azken urteetan zenbait trazabilitate-sistema agertu dira arlo honetan (ikusi 4. galdera) eta zenbait enpresa, lan egiten duten findegiei eta galdategiei auditoretzak eskatzen hasi dira, mineralen jatorria zehatz dezaten.

Zentzu horretan, ziurtapenak eta auditoretzat beharrezkoak badira ere, ez dira nahikoak. Gatazka-arrisku handiko eremuetatik datozen mineralen fluxua etengabea da findegi eta galdategietara. Auditoretzak, berriz, noizbehinkakoak. Beraz, etengabeko arrisku bat dago legez kontra edo giza baliabideak urratuz erauzitako mineralen sorta bat legezko jatorriko beste sorta batekin nahastea ibilbidean.

Gatazkarik gabeko teknologia kanpainaren bidez, enpresaren epe luzerako konpromiso bat nahi dugu, enpresak  ELGAk ezarritako behar bezalako arretaren printzipioak bere gain har ditzan. Horrela, enpresak bere hornidura-kateak arduraz kudeatzeko borondatea agertzen du. Printzipio horiek nola bihurtzen diren lege hobeto ezagutzeko, “Gatazka-mineralen komertzializazioa erregulatzea” estekan saka dezakezu, hemen.

Nola jakin dezaket enpresa bat arduraz jokatzen ari bada “gatazka-mineralen” arloan?

Gailu elektronikoak fabrikatzen dituzten ia enpresa guztiek gatazka-mineralak (eztainua, tungstenoa, wolfram, urrea) erabiltzen dituzte osagaiak (txipak, plaka nagusiak, bateriak, kondentsadoreak eta abar) egiten dituztenean. Mineral horien hornidura arduratsurako neurriak hartzen ari den jakiteko, haren gatazka-mineralen politika bila dezakezue googlen. Ez baduzue ezer aurkitzen, adierazgarri txarra da.

Estatu Batuetan, esaterako, Dodd-Frank legeak (1502 atalean) urtero gatazka-mineralen txostenak argitaratzera behartzen ditu. Orain arte bi urtetan argitaratu dute (azkena, 2016koa da).

Informazio horretan oinarrituz ranking etikoak egin dira, txosten horien informazioaren kalitatea alderatzeko:

  • Responsible Sourcing Network GKEren “Mining the Disclosures 2017” txostena kontsulta dezakezu hemen.
  • Horrez gain, Know the Chain GKEren rankingak ere eskura daitezke. Ranking horietan, enpresen kontu emateak aldera daitezke, zenbait irizpideren eta lehengaien trazabilitatearen arabera. Esteka honetan informazioa aurkituko duzu.
  • Estatu Batuetako GKE Enough Project-ek bere webgunean berriki argitataratu 2017ko empresa arduratsuen sailkapena.
  • Horrez gain, Good Electronicsek argitaratutako txosten eta berrietan jasotzen diren enpresen informazioa ere kontsulta dezakezu.
  • Hemen, Greenpeacen 2017ko Gida Berdea konsulta dezakezu

“Gatazka-mineralik gabeko telefono mugikor bat fabrika daiteke?

Oso zaila da, ezinezkoa dela ez esateagatik, azken belaunaldiko gailu elektroniko bat urrea, koltana, wolframa edo tungstenoa erabili gabe fabrikatzea, gehien erabiltzen diren batzuk aipatzeagatik. Esaterako, koltanetik ateratzen den tantalita kondentsadore elektrikoak egiteko erabiltzen da. Horiek, materialekin ere fabrika daitezke (esaterako, zeramika edo aluminioa). Baina tantalioak ezaugarri bereziak ditu, izan ere, herdoiltzearekiko erresistentea da, eta elektrizitatea eroateaz gain, txikiagoa da.

Hori horrela, kontua ez da gailu elektronikoen fabrikazioan mineral horiek ez erabiltzea; kontua da fabrikatzaileek eta haien hornidura-katean parte hartzen duten enpresa guztiek beharrezko neurriak hartzea talde armatuen finantzazioa edo giza eskubideak urratzeko aukera ematen duen jarduera saihesteko.

Gaur egun, bere estandar etikoetan eta ingurumen-estandarretan zorrotzena den enpresa Fairphone da. Zoritxarrez, telefono mugikorrak bakarrik fabrikatzen dituzte eta ez dago antzeko ekimenik tablet edo ordenagailuen fabrikazioan. Hala ere, elektronikoaren sektoreko gainerako enpresek haren urratsei jarraitzea nahi baduzu, sinatu gure eskaera eta gatazkarik gabeko teknologia-eskaera hori sortzeko erabiliko dugu.

Zer produktu (mugikorra, ordenagailua eta abar) erosiko dut?

Kontsumorako elektronikaren atzetik dagoen zorigaitz humanitarioa ezagutu baduzu, ziur asko, erosterakoan, zenbait aukera pentsatu dituzu. ALBOAN erakundean, oso pertsonala den erabaki horretan aldagai asko daudela uste dugu. Ez dugu nahi zure aukeran parte hartzea, baizik eta ahalik eta informaziorik gehien ematea libreki aukera dezazun.

Eta gure ekintzen erantzukizuna hartu gabe askatasunik ez dagoenez, informaziorik handiena eman nahi dizugu, zuk aukera dezazun. ALBOAN erakundean bere irizpide etiko eta ingurumen-irizpide batzuk baloratzera animatzen zaitugu; eta prezioa bakarrik ez kontuan hartzea. 9. galderan informazio-iturri garrantzitsu batzuk aurkituko dituzu.

Gure Kontsumo arduratsuaren gida ere kontsulta dezakezu. Eta enpresek horri buruzko informazio gehiago ematea nahi baduzu, sinatu gure eskaera eta Gatazkarik gabeko teknologia eskaera bat sortzeko erabiliko dugu.

Nora eraman dezaket birziklatzera nire telefonoa/ordenagailua/tableta?

Gatazkarik gabeko teknologia kanpainaren bidez, kontsumo arduratsuko jarduerak sustatu nahi ditugu herritarren artean. Horregatik egin genuen Produktu elektronikoen kontsumo arduratsuaren gida bat eta  Kongoren aldeko telefono mugikorrak  ekimena abian jarri genuen,  erakundeei (bai publikoei bai pribatuei) eta banakako pertsonei beren telefono mugikorrak birziklatzeko edota berrerabiltzeko aukera emateko.

Sakatu hemen eta begiratu ekimen honi buruzko informazioa.

Beste mota bateko gailu elektroniko edo elektronikoak bota nahi badituzu, Ekonomia Sozial eta Solidarioko Berreskuratzaileen Espainiako Elkartearekin (AERES) jar zaitezke harremanetan. Hondakinak murriztean, berrerabiltzen eta birziklatzen dituzten erakunde solidarioan estatu plataforma bat dira, eta helburua gizartetik baztertzeko arriskuan edo egoeran dauden pertsonen gizarteratzea eta laneratzea sustatzea eta aldaketa soziala izatea da. Zure etxetresna elektrikoari bizitza berri bat eman ahalko diote eta bigarren eskuko gisa saldu. Horrez gain, enplegua sortuko dute zure eskualdean.

Bestalde, gailua ezin bada berreskuratu edo birziklatu, zure udalean ingurumen-gaiez arduratzen den sailarekin harremanetan jartzea gomendatzen dizugu, zure etxetik hurbilen dagoen garbigunea non dagoen adierazteko.

Nola lor dezaket zure kutxetako bat mugikorrak birziklatzeko?

Kongoren aldeko mugikorren ekimenaren esteka honetan, beharrezko informazioa aurkituko duzu.

Zergatik erregulatu behar da merkataritza orokorra?

Laurogeita hamarreko hamarkadako globalizazio ekonomikoaren azkartzeak industria-sektore asko kokalekuz aldatzea eta negozioa enpresa multinazional handien inguruan biltzea eragin zuen. Gaur egun, kontsumorako produktu asko (elikagaiak, ehunak, gure teknologian dauden mineralak) gure mugaz haraindi dauden lehengaien bidez fabrikatzen dira, edo lehengai horiek behar dituzte. Hori ez litzateke posible izango hornidura-kate orokorrak sortu gabe (ikusi 7. galdera).

Arazoa da enpresen deslokalizazioak eta industrien internalizazioak legedi ahulagoak dituzten herrialdeetan dauden abantailengatik gertatu direla (lehengai merkeak, ingurumen-araudirik ez egotea, lan-kostu baxuak eta abar).

Merkataritza-jarduera horiek giza eskubideak urratzen amaitu ez daitezen, Nazio Batuek Enpresen eta Nazio Batuen Printzipio Gidariak onartu zituzten.  Erronka da borondatean oinarrituta dauden printzipio horiek arau lotesleak bihurtzea.

Nola arau daiteke “gatazka-mineralen” merkataritza?

Gure web-orria begiratzen baduzu, Zer da TLC? atalean, “Mineralen merkataritza erregulatzea” izeneko aukera aurkituko duzu. Hor, galdera horri erantzuten diogu, mineralen hornidura arduratsua sustatzeko dauden arautegi eta legeei buruzko informazioa emanez.

Europako legea nahikoa izango da Kongoko EDko ekialdeko zorigaitz humanitarioarekin amaitzeko?

Ez. Zorigaitz humanitarioak arrazoi politikoak ditu, eta bide politikotik konpondu behar da. Europako legearen helburua da mineral horiek gatazka-eremuetatik (hala nola KEDko ekialdetik) inportatzen dituzten erkidegoko enpresen artean hornidura arduratsua sustatzea. Zentzu horretan, legea urrats garrantzitsu bat da, baina akordioa lortu zenean esan genuen moduan, gure ustez, ez da nahikoa.

Legedi horrek artisau-meatzaritzatik bizi diren Kongoko erkidegoetan eragin positiboa izan dezan, ezinbestekoa da Europar Batasunak meatzaritza sektorean gobernamendu ona hobetzen laguntzeko neurriak hartzea.